jueves, 24 de noviembre de 2011

Erretxinarekin idunekoak egiten

Arratsaldeon eskulangileak!

Gaurko sarrera honetan aurrekoarekin parekotasuna daukala esan dezakegu, biak modu batean gure irudia apaintzeko eta hobetzeko balio dutelako.  Pasaden egunean usain gozoa zuen perfume bat egin genuen eta gaurko honetan erretxinaz egindako iduneko bat egingo dugu.
Erretxina materialarekin mota askotako objektuak egin daitezke, baina batez ere bitxiak egiteko material paregabea da. Askotan oso zaila izaten da material honekin lan egitea baina gaur iduneko polit eta dotore batzuk egiteko pauso oso erraz batzuk erakutsiko dizkizuet eta oso modu azkar eta sinple batean idun erakargarri batzuk egingo ditugu. Adi egon.

Erabiliko dugun materiala zera da:
-          Erretxina
-          Katalizatzailea
-          Plastilina
-          Burdin haria
-          Lixa leuna
-          Leuntzeko pasta
-          Latexko eskularruak
Jarraitu beharreko pausoak hauek dira, oso sinpleak.

-          Lehenengo eta behin idunak egiteko moldeak egingo ditugu, modelatzeko edozein material bigunarekin egin daiteke, baina plastilinarekin egitea ideia ona izango litzateke. Ondoren, burdin hari biribildua moldearen goiko aldean kokatuko dugu, hori idunekoaren eustekoa izango da.
-       Pare bat molde eginda ditugunean, pintzel batekin olio apur bat botako diegu moldea kentzerakoan inolako arazorik ez izateko eta ongi desmoldatzeko.
-          Hurrengo pausoa erretxina egitea izango da. Horretarako, ontzi batean 100 tanta erretxina eta bi tanta katalizatzaile botako ditugu. Katalizatzailea beti botako den erretxina kantitatearen %2a izango da. KONTUZ! Eskularruak beharrezkoak dira erretxinarekin ari garenean, azala erre dezake.
-          Geroago prestatu dugun erretxina poliki -poliki moldeetan isuriko dugu molde guztia bete arte. Ondoren bizpahiru ordutan piezak sikatzen direnean lixa fin batekin leunduko ditugu.Horrenbestez, leuntzeko pastarekin piezak guztiz leunduta geratuko dira. Ondoren piezak urez garbituko ditugu erretxina kentzeko eta distira egiteko. Eta listo! Idunekoa erabiltzeko prest egongo da, soilik eroateko kordela faltatzen da.
Oharra: nahi izatekotan eta gehiago pertsonalizatzeko erretxina lehortu aurretik, landare zati txiki bat sartu daiteke bakoitzaren gustura.
Landaretxo batekin apaindutako idunekoa

Gustatu zaizue ezta? Gainera egiteko oso erraza da eta ideia ere guztiz originala da, beti bezala. Hurrengo eskulanaren zain?

Hurrengora arte! Ondo izan!


No hay comentarios:

Publicar un comentario